Euskal Kultura Sailaren aurkezpena

2012-09-18 Euskal Kultura saila / Colección Cultura Vasca / Basque Culture Series izenburua eman dio Etxepare Euskal Institutuak gaur aurkeztu duen liburu sail. Hirueleduna izango da eta hamabi liburuk osatuko dute; horietatik hamar aurkeztu dira gaur. Mari Jose Olaziregik sailaren editoreak adierazi duen modura, “gure kultura dute hizpide, eta hizkuntza, literatura, musika klasikoa, euskal kantagintza (pop, rock, folk), dantza, sukaldaritza, ikusizko arteak, tradizioak, eta euskal zineaz mintzo dira gaur aurkezten ditugunak. Helburua: euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzea, geureaz jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztua”.

Euskal Kultura Sailak dibulgazioa du helburu eta Institutuak azoka, jaialdi, unibertsitate, aurkezpen, jardunaldi eta abarretan erabiliko ditu. Hala ere, herritar guztiek edukiko dituzte eskura, liburuak osorik institutuaren web orria aurki daitezkeelako

Bildumaren aurkezpenean parte hartu dutenak Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko euskararen sustapen eta hedapenerako zuzendaria eta Euskal Kultura sailaren editorea, Mitxel Murua editore laguntzailea , Iván Igartua, Jon Eskisabel, Miren Jaio, Joxean Fernandez, Oier Araolaza, Joxerra Garzia eta Hasier Etxeberria hainbat liburutako testuen egileak eta Javier Ruiz diseinatzaile grafikoa izan dira.

Guztiek azpimarratu dute, proiektu honek kanpoko zein hemengoentzat eduki dezakeen garrantzia. Aizpea Goenagak gainera zabalkuntza horretarako tresna eguneratu eta erakargarria sortzeko beharraz hitz egin du: “funtsezkoa den galdera bati erantzun nahi izan genion: “zer du gure kulturak berezia edo zergatik da berezia?”, eta “euskarari buruz zer dakigu?. Eta kontatu beharrekoa ondo azaltzeko beharra genuen”.

Mari Jose Olaziregik, saila antolatzeko garaian “kultura” hitzaren bi adiera kontuan izan dituztela adierazi du: “lehenengo adierak talde baten nortasunari egiten dio erreferentzia, hau da, talde horren ohitura eta usadioek osatuko lukete kultura. Bigarren esanahiari dagokionez, adierazteko, komunikatzeko beharrizanaren fruituek osatzen dute ondare kulturala”. Hainbat datu ere eman ditu: guztira 872 orrialde, 316 argazki eta hiru hizkuntza behar izan dira bilduma osatzeko. Olaziregiren hitzetan,  “begitik sartzen” diren liburuak dira, gure kulturan interesatua dagoen edonorengan erraz iristeko eta erakargarriak izan arren, irakurleen gogoan bizirautea dute helburu.

Iván Igartuak, “Euskararen historia laburra” liburua idatzi du Xabier Zabaltzarekin batera. Bere ustez, euskarak jakinmin handia piztu du munduan zehar eta hori asetzeko idatzitako liburua da eurena. Dena den, liburua modu zorrotzean eta kritikoan idatzita dagoela nabarmendu du, haren esanetan gaiaren inguruan existitzen diren mitoak, usteak… kontutan izanda.

Jon Eskisabelek “Euskal kantagintza: pop, rock, folk” liburuaz hitz egitean, euskal kantagintzaren mende erdiko historia bildu nahi izan duela adierazi du. Helburu horrekin hiru zatitan banatu du liburua eta sarrera labur bat egin ondoren, kantagintzaren joera estilistikoen bilakaera aztertu eta azkenik, 20 talderen hautaketa egin du haien diskografiaren aukeraketa bat eginez.

“Estanpa bilduma” izeneko liburuaz arduratu da Miren Jaio artista eta bere asmoa hasieran hauskorragoa zen arren, azkenean liburua egiterakoan ildo kronologiko bat eramatea erabaki duela azaldu du. Gainera, pozik agertu da, esfortzu handia izan den arren, bera azken hogei urtetako arte garaikidean aditua izanik erreferentzia zaharragoak ere aztertu behar izan dituelako.

Joxean Fernandezek, berriz, “Euskal zinema” liburua laburtzean izandako zailtasunak azpimarratu ditu eta laburtze horren eraginez, zinegileak hartu dituela protagonistatzat azaldu du, “tamalez” zinemaren beste arlo batzuek baztertuz

Oier Araolazak “Euskal dantza” liburuaren egileak, horrelako lanak ez kanpotarrentzat soilik baizik eta bertakoentzat ere oso garrantzizkoak direla adierazi du, askotan ez baitugu gure kultur sorkuntza ezagutzen. Beharrezkotzat jo du baita ere krisi testuinguru honetan hezkuntza eta osasuna ez ezik, zientzia, ikerketaren eta kulturaren garrantzia ere aldarrikatzea.

Joxerra Garziak ere dibulgazioaz hitz egin du eta kontzeptua berraztertzeko izan duen beharra azpimarratu. Bere ustetan datuak soberan dauden garai hauetan interpretatzeko tresna egokiak ematea da gakoa, eta horixe eskaini nahi izan du “Bertsolaritza” bere liburuan.

Azkenik Hasier Etxeberriak hartu du hitza eta gastronomian “euskal” kontzeptuak bere baitan duen zailtasunaz aritu da. “Euskal” hori zertan datzan  definitzeko gogoeta beharrezkoa dela adierazi du euskal sukaldaritza zer den jakiteko. Hain zuzen ere, hori  determinatzen duten faktoreak identifikatzea, eta, oro har,  gaur eguneko gastronomiaren egoeraren berri ematea du helburu bere liburuak.

Euskal kultura saila

Sailaren editorea eta koordinatzailea: Mari Jose Olaziregi

Editore laguntzailea: Mitxel Murua

Diseinua: Tik-tak (Gasteiz)

Liburuak & Egileak

  1. Euskararen historia laburra (Ivan Igartua eta Xabier Zabaltza)
  2. XX. Mendeko euskal literatura (Estibalitz Ezkerra)
  3. Euskal Musika klasikoa (Karlos Sanchez Ekiza)
  4. Euskal kantagintza: pop, rock, folk (Jon Eskisabel)
  5. Estanpa bilduma (Ikusizko Arteak) (Miren Jaio)
  6. Euskal zinema (Joxean Fernandez)
  7. Arkitektura eta diseinua (Pello Agirre)
  8. Euskal dantza (Oier Araolaza)
  9. Bertsolaritza (Joxerra Garzia)

10.  Tradizioak (Joseba Zulaika)

11.  Euskal sukaldaritzaz (Hasier Etxeberria)

12. Euskal antzerkia (Pedro Barea)

Itzultzaileak:

Euskarara: Miren Ibarluzea, Mitxel Murua, Estibaliz Lizaso, Jose Antonio Sarasola.

Gaztelaniara: Oscar Gilella, Estibaliz Lizaso.

Ingelesera: Cameron Watson.