Ensemble Diatessaron taldeak emango dio hasiera FEMAP Pirineotako Aintzinako Musika Jaialdiari
2012-07-10 Ensemble Diatessaron euskal taldeak inauguratuko du Pirineotako Aintzinako Musika Jaialdia (FEMAP), uztailaren 12an La Seu d’Urgell herriko katedralaren klaustroan emango duen kontzertuarekin. Argien mendeko musika eta dantza uztartuko ditu taldeak Erregelak konpainiako dantzariekin batera, Le Basque ikuskizunean.
FEMAP jaialdia uztailaren 12tik abuztuaren 25era arte burutuko da eta Etxepare Euskal Institutuak eta Música Antiga dels Pirineus Jaialdia Elkarteak sinatutako hitzarmenari esker jaialdiak herrialde gonbidatua izango du lehen aldiz: Euskadi. Inaugurazio ekitaldian parte hartuko duten ordezkarien artean Artur Mas Generalitat de Catalunyako lehendakaria, Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Albert Esteve Andorrako Kultura sailburua, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria eta Josep María Dutrén Femap jaialdiko zuzendaria izango dira.
Jaialdiaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko akordioaren ondorioz, bi euskal talde daude aurtengo programan: Ensemble Diatessaron eta Intonationes. Horrez gain, La Grande Chapelle taldeak García de Salazar musikagile euskaldunaren obrak joko ditu. Jaialdiak irauten duen bitartean, beraz, 9 kontzertutan euskal egileen musika entzun ahal izango da Pirineotako 7 herri ezberdinetan.
Ensemble Dietessaron taldeak argien mendeko dantzarako euskal musika joko du Le Basque ikuskizunean, Erregelak dantza historikoa jorratzen duen tailerreko dantzariak lagun. Uztailaren 12an Seu d’Urgellen, jaialdiaren irekiera-kontzertuaz gain, hurrengo bi egunetan ere emanaldiak izango ditu Berga eta Tremp herrietan.
Intonationes taldeak, Juan de Anchieta, XV. Mendeko eta XVI. mende hasierako polifonia sortzaile handiaren obrak interpretatuko ditu 3 emanaldi ezberdinetan: abuztuaren 23an Seu d’Urgellen, 24an Vielhan eta 25en Bergan.
Azkenik, La Grande Chapelle-k García de Salazar, XVII mendeko musikagile onenetarikoa den euskal egilearen obrak joko ditu abuztuaren 2an Ordinon, 3an La Pobla de Segur herrian eta 4an Seu d’Urgellen.
Musika eta dantzaren bitartez atmosfera berezia sortuz, entzuleak aintzineko garaietara eraman nahi dituzte musikari zein antolatzaileek kontzertu hauen bitartez.

Ensemble Diatessaron eta Erregelak taldearen Le Basque ikuskizuna










