Oxforden euskara eta euskal kulturaz aritzeko aukera
Oxfordeko Unibertsitateak Iberiar Ikasketen XV. Foroa antolatu du, hurrengo ekainaren 20, 21 eta 22rako. Foro horretan lehenbiziko aldiz parte hartuko du euskarak, katalan, galego, portuges eta gaztelaniarekin batera, Etxepare Euskal Institutuaren babesarekin. Paneletako mintzaldietarako euskarari eta euskal kulturari buruzko proposamenak edo ponentziak aurkezteko epea irekita dago, otsailaren 3ra bitartean.
![]()
Iberiar Penintsularen ezaugarrietako bat nazio, hizkuntza eta kultura ugaritasuna da. Azken 10 urteetan, immigrazio korronteek eta hedabide zein teknologietarako sarbide orokorrak eragin handia izan dute herrien izaera ulertzeko eta azaltzeko moduan. Ikasketa Iberiarren XV. Foroak kultura bizien aldaketez eta bilakaeraz jarduteko lekua eta unea izan nahi du.
Elkarrekintza kulturalaren kontzeptua aztertzerakoan, Foroaren asmoa da ikertzea literatur lanek eta ikus-entzunezko adierazpideek nola eratu dituzten nortasun sozial eta artistikoen adierazpen berriak, bazterrean utzi gabe ikus-entzunezkoen eta literaturaren estetikaren, euren mintzairaren eta euren irakurle eta ikus-entzuleekiko konpromisoaren garapena.
Interesdunek 200-250 hitz inguruko laburpenak bidali behar dituzte fisoxford@gmail.com helbide elektronikora aipatutako data igaro baino lehen.
Informazio gehiago, hemen: Forum for Iberian Studies.







